BIDEBIETA INSTITUTUAREN ITXIERA DELA ETA…

 

Duela lau urte, Institutuari bultzada berri bat emateko asmoz eta ilusio handiz hartu zuen egun Bidebieta Institutua zuzentzen duen taldeak, bertako gidaritza lana.

Zuzendaritza honek, administrazioak hartutako zenbait erabaki direla medio, azken 10-15 urteetan gure Institutuak pairatutako egoera iraultzeko eta Institutua biziberritzeko erabakia hartu zuen. Bere helburua, inguruko ikasleentzat erakargarria izango zen zentro bat lortzea zelarik. Horretarako, beste neurri batzuen artean, ezinbestekoa ikusi zuen gure eraikuntzak eraberritzea. Eta eraikuntzak berritzeko helburuarekin, administrazioak horretarako dituen ate guztiak jo genituen. Lan handia egin ondoren, duela bi urte eta erdi, administrazioak hartu zuen gero guri komunikatu zigun lehenengo erabakia; DBHko eraikuntza utzi eta Batxilergoko eraikuntzan elkartuko genituen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa. Hau da, gure ikasle guztiak. Hori posible izateko, eta gure Institutua indartzeko administrazioak gaur egun Batxilergokoa den eraikuntza handitu eta berritzea erabaki zuen.

Une horretan bertan, Duela 20 urtetik hona Trintxerpeko Karmengo Ama Ikastetxeko gurasoen eskaera historikoari erantzuna ematea erabaki zuen: han bertan DBHko etapa ikasteko aukera irekiko zuten. Erabaki horrekin, gure DBHa elikatzen zuen jarioa behin betiko moztuz.

Gu, gure proiektuan murgilduta, ilusio handiz eraikuntza handitzeko eta berritzeko lanari ekin genion. Hezkuntza saileko eraikuntza zerbitzuarekin bilerak, Proiektua egiteko ardura zuen arkitekto taldearekin bilerak, espazioen banaketak proposatu, planoak berrikusi, … Horrela Bidebieta Institutuko etorkizuna bermatuko zuen proiektua bukatu arte. Gurekin adostutako proiektu horrek bere bide administratiboa jarraitu zuen kontratazio mahaira iritsi zen arte. Mahai honetan, obra egingo zuen enpresa adjudikatzeko prozesua irekiko zen eta behin adjudikatuta obrak hasi egingo ziratekeen. Tamalez, eta zuzendaritza honen sorpresarako, gure proiektuaren bidea mahai horretan bertan eten egin dute, une horretan bertan administrazioak erabaki duelako gure matrikularen datuek ez dutela diru kopuru hori gastatzea justifikatzen. Eta argumentu honek ahoa bete hortz utzi gaitu, jakin badakigulako Hezkuntzako arduradunek Institutua biziberritzeko erabakia hartu zutenetik hona matrikula datuek ez dutela okerrera egin.

2017ko azaroaren 15ean Hezkuntzatik etorritako ordezkaritza batek Bidebieta Institutuko klaustroari eta bertako Organo Gorenari eman zion itxieraren berri eta albisteak, komunitate osoaren sentimenduak astindu zituen.

Gure aldetik tristura eta etsipena nagusi den honetan, ditugun ikasle eta familiei adierazi nahi diegu bi urte iraungo duen itxiera honetan lagun izango gaituztela, eta gure esku dagoen guztia egingo dugula ikasleei irteerarik egokiena emateko.

Bidebieta auzoari ere gure mina helarazi nahi diogu, azken finean zerbitzu publiko bat galduko duelako.

Eta bukatzeko, 40 urte hauetan, modu batera edo bestera Bidebieta Institutuaren parte izan zareten guztiei (Maddi, Aritz, Eneko, Lucía, amaia, Juan, Maider, Isabel, …) zuek egindako lana eskertu nahi dizuegu.

 

Mila esker guztioi!!!